viernes, 14 de mayo de 2010

Lurreko bizitzaren bila


Antzina, Anboto eta Udalaitz mendietan jaio eta Nerbioi ibaiarekin bat egitean, Bizkaiko Golkoan bukatzen zuen Ibaizabal errekan, arrain eta landare asko zeuden. Denak poz-pozik bizi ziren. Gizarte bikaina osatzen zutela zion garaiko lehendakariak, Ugaitz ahuntz-arrainak.

Zubeldia legatza familia, Zornotzan zegoen Jauregibarriako errekan bizi ziren. Lau kidetako familia osatzen zuten aita, ama eta bere bi semeak, Iker eta Asier.

Asier gustura bizi zen ur azpian, primerako bizitza zuela pentsatzen zuen, baina, bere neba Ikerrek ez zuen berdina pentsatzen. Ikerrek kanpoko bizitza ikusi nahi zuen, gizakien bizitza ezagutu, euren bizimodua, ohiturak, jolasak… Asierrek ez zuen hori ulertzen, gizakien bizimodua ezagutu, baina zertarako?

Asierren arabera, gizakiak eguzkiaren azpian lan egiten zuten bitartean, eurek ur azpian lasaitasunean zeuden. Gainera, gizakiak, arrainak kristalezko arrain ontzietan zituzten, eta eurek askatasunean bizi ziren, a zer nolako diferentzia! Eta morroia gose izanez gero arrainak zartaginera zihoazen! Ai ene, eta horrelako bizitza Ikerrek nahi zuela pentsatzea ere…

Egunero bezala, bi anaiak eskolara joan ziren arrain teknikak ikastera. Asier primerako ikaslea zen, Iker zertxobait alferragoa. Arratsaldeetan, eskolatik irteterakoan Asier etxera joaten zen, Ikerrek klase gehiago zituen.




Arratsaldeko arrain teknikak bukatu eta gero, Ikerrek etxetik ihes egitea erabaki zuen. Gurasoekin haserretuta zegoen, baita Asierrekin ere, berak ur gaindiko bizitza ezagutu nahi zuen! Baina gurasoen baimenik gabe, ezin izango zuen hori lortu. Hala ere, ihes egitea erabaki zuen, Lemoara joango zen, Basaurira, ez Bilbora hobeto. Igeri egiten zuen bitartean gero eta kantsatuagoa sentitzen zen, azkenean Lemoan gelditzea erabaki zuen, ezin zuen gehiago igeri egin, guztiz nekatuta baitzegoen. Gainera, gosearen lehenengo sentsazio zirraragarriak pairatzen zituen…

Orduak eman zituen aterpe baten bila, baina ez zuen ezer aurkitu. Aurkitu zuen bakarra, arroken artean zegoen txabolatxo zahar bat izan zen . Bertan, gaua igaroko zuela erabaki zuen, floraz eta landarez inguraturik. Gau zaila izan zen hura, hotza eta gosea izan zituen bere sentsazioen oinarri bezala, baita beldurra ere, zortzi urte besterik ez zituen eta…

Eguzkiaren lehenengo izpiak ur azpian igarri zirenean, Iker txikia esnatu egin zen. Konturatu barik, lorik gelditu zen. Hotza nabariagoa zen orain, elur malutak errekaren uraren kontra jotzean, ur azpiko tenperatura jaistea ekartzen zuen.

Ez zen goiz erreza izan, errekaren zati horretatik ez baitzen inor pasatzen, eta guztiz galduta zegoenaren sentsazioa gero eta handiagoa zen. Gurasoek eta Asierrek ez zuten lorik egin, nola egingo zuten ba, semea errekan zehar galduta bazegoen, edo agian hilik…?

Komunikabide ezberdinak eta kazetari famatuenak albistearen berri ziren eta horri buruz informatu zuten. Karramarroz beteriko poliziek kasuari buruz ikertu zuten, ur azpian eta baita, lurrean ere! Arrastorik ez, Ikerri buruz…

Lemoan jarraitzen zuen Iker, gosez, hotz… eta baita aspertuta ere sentitzen zen, arrazoi horren ondorioz, arrokan eta harri ezberdinen artean jolastera animatu zen.

Txabolatxoaren alboan zegoen etxean, atso zahar bat bizi zen. Arrain txikia hain gose eta asperturik zegoela ikusterakoan, polizia deitzea erabaki zuen, susmo txarra baitzeukan horrek…

Laster, karramarroz osaturiko poliziak Lemoan agertu ziren, baita Ikerren gurasoak ere. A zer nolako sustoa! Ikerrek bizirik jarraitzen zuen!

Azkenean, Asierrek arrazoia izan zuen, Ikerrek lurreko bizitza ezagutu nahi zuen, baina bere zoritxarrerako ez zuen lortu… beste batean izan beharko zen… baina bere gurasoekin batera, noski! Bera, bakarrik ez, inoiz ez…!

No hay comentarios: