viernes, 14 de mayo de 2010

Kulturen menpe

“-Altza zaitez eta garbitu ezazu etxe osoa , alfer halakoa! Gauerako bueltan izango naiz, eta den-dena txukun ikusi nahi dut, horrela ez bada, gorriak ikusiko dituzu…

-Bai jauna, atoan hasiko naiz…

-Bide batez, esan ume zatar horri isiltzeko, negarrez dirau egun osoa!

Gizonak ate-kolpe gogor batekin etxeko atea utzi zuen. Berrogeita hamabi urte zituen, goizetan etxetik irteten zen, gauean bueltan etortzeko. Inork ez zekien zertan lan egiten zuen, behintzat bere emakume gazteak ez…

Eskumako eskuarekin malkoak sikatu eta gero, zazpi hilabeteko haur txikia besoetan hartu zuen eta lasaitasunez umea lokartzen lagundu zuen sehaska-kanta batekin. Behin haurtxoa lokartu ondoren oihal zati txiki bat hartu eta etxeko altzairuak ahalik eta hobeto garbitzen hasi zen, egunero bezala… Bere gizona, gauean bueltatzerakoan etxea txukun ikusteko ahaleginak eginez. Komeni zitzaion, liskarrik nahi ez bazituen…



Shamarak hamabost urte zituen, eta jada bi urte ezkonduta zeraman gizon horrekin. Orain dela zazpi hilabete ama izan zen aurrenekoz, eta orain haurdun zegoen berriro. Shamarak begi berde politak zituen, edo hori zirudien burkaren atzetik. Gainerako gorputza estalita zeukan oihal zati beltz horren atzean.

Laster, lau urte beteko ziren Shamarak, Afganistan aurrenekoz oinkatu zuenetik, eta bi bere gurasoak hil zirenetik. Bere aita kazetaria zen, ama etxekoandrea. Oso familia alaia osatzen zuten, edo hori gogorarazten saiatzen zen Shamara. Hala ere, bere oroitzapenak eskasak ziren, gurasoen aurpegia ez zuen gogoratzen, eta pena ematen zion. Baina dudarik gabe, Afganistanera nola heldu zen gogoratzen du, bere egoerak egunero gomutarazten diolako… Aita, Afganistaneko guduari buruz idazteko bidalia izan zen herrialde horretara, aitarekin batera, ama eta bera ere joan ziren… berriro ez itzultzeko…

Gurasoak, Talibanek hil zituzten, eta bera, Shamara, afganistar batekin ezkondu zen, behartuta. Hortik aurrera bortxaketak, kolpeak, umeen zainketa, garbiketak eta burkaren erabilera oinarritzen zuten bere bizitza, 15 urteko neska baten bizitza…

Garbiketa lanekin jarraitu zuen. Etxearen barrualdea garbitu ondoren, kanpoaldeko atari txikia garbitzea tokatzen zitzaion. Ataria garbitzen zegoen unean, gizon zahar bat agertu zitzaion:

-Zer… ataria garbitzen neska?

-Bai, jauna –Shamara beldurtuta zegoen-, baina orain barrura joan beharra daukat…

-Txi, txit, txit… lasai neska, nik ez dut inor jaten! Zera.. zu ez zara afganistanekoa ezta? Behintzat, zure ahotsa entzutean hori dirudi.



-Ez, baina hemen bizitzera ohituta nago –Shamararen ahotsa gero eta leunagoa entzuten zen.

-Tori ogi apur hauek, jan lasai asko, nahi duzun beste…

-Ez, eskerrik asko, ondo jaten dut.

-Hartzeko esan dizut! Ordu bete barru nire etxeko atarian itxarongo zaitut, nire etxea garbitzeko…

-Ez jauna, ezin dut, gizona daukat eta…

-Lasai Shamara, lasai, zure gizona, Mohamed, primeran ezagutzen dut.

-Horrela bada, ordu bete barru, zure etxean izango naiz.

Shamara ez zen gizon horretaz fidatzen, baina Afganistaneko legeak dionaren arabera jokatu behar zuen, hau da, gizonak emakumeen gaineko ahalmena zuten. Bertan emakumeek ez zuten ezertarako balio, garbitzeko gehienez jota…

Gizonaren etxera joateko ordua iritsi zen, burka ondo jantzita zeramala ikusi ondoren, umea besoetan hartu eta gizon zaharraren etxera abiatu ziren. Ibilbidean zehar, Shamarak kaleetan zeuden pertsonak ikusi zituen, eta momentu hori biziki gozatu zuen…

Hamar hilabete ziren kaleak ikusi ez zituenak, ezta eguzkiaren dirdira ikusgarria ere ez, bere etxeko logelak ikustearekin konformatu behar zen. Umea ere bertan, etxean, izan zuen , inolako laguntza barik, bakardadean…

Gizon zaharraren etxera heldu zen, atarian jesarrita zegoen, Shamara itxaroten. Hala ere, gizonak ez zuen aldendu umea ikustean sortutako irribarrea, barneko poza… Taliban baten poza…

-Ongi etorria nire etxera, Shamara… Tira, sar gaitezen etxearen barrualdera.

-Bai jauna. Non utz dezaket nire semea garbiketa lanak egiten ditudan bitartean?

-Lasai, nirekin egongo da, umeak gogoko ditut eta. -Umea eskuetan hartu zuen- Hemen nire logela dago, eta korridore honetatik abiatuz, eskumako atean sukaldea.

-Ongi da, hemendik, bertatik, hasiko naiz.

-Gomendagarriagoa izango litzateke sukaldetik hasiko bazina, lan gehiago baitago.

-Ados jauna.

Shamara korridore barrena abiatu zen, eskumako atea zabaldu eta logela itxi bat ikusi zuen, baina sukalderik ez… Bat-batean kanpoko atearen soinua entzun zuen, eta bertara korrika abiatu zen. Gizon zaharrak umearekin batera etxetik ihes egin zuen, Shamara bertan hertsita.

Gizon zaharra Talibana zen. Talibanentzat emakumeak ez zuten baliorik, mutilak nesken gaineko boterea zuela pentsatzen zuten, egun ere pentsatzen dute. Abiapuntu horretan abiatuz Shamarari bere umea lapurtu zion, neska bere etxean utziz…

Afganistaneko kalean betiko legez, soldaduak zeuden, Otan-eko soldaduak. Gizon zaharra bat-batean ume batekin ihes egiteak susmoak zabaldu zizkien soldaduei. Gizona jarraitzea erabaki zuten, ume batekin eta korrika eginez ez zeukan oso urrutira joaterik.. Eta horrela izan zen, zortziehun metro gutxi gorabehera izan ziren gizonak korritu zituenak baita soldaduak ere. Etxola txiki batera heldu ziren, askorik pentsatu gabe txabolaren barrualdera sartu ziren.. Etxolan taliban bakarra zegoen, gizon zaharra, baina ume asko, batzuk lotan, gainerakoak negarrez…

Soldaduek talibana atxilotu zuten. Laster, soldadu gehiago etxolan azaldu ziren umeak hartzeko, bere amei entregatzeko… Baina, eta amak, non zeuden amak? Gehienak, talibanek harrikatu zituzten, erailketa ugari sortuz. Beste ama batzuk desagertuta zeuden, erregimen talibanaren ondorioz, beldurraren ondorioz. Baina Shamarak bertan jarraitzen zuen, gizonaren etxean…

Bertaraino, bi soldaduak, umearekin hurbildu ziren , eta ama etxetik atera zuten, ahal izan zuten moduan… eta biak, ama eta umea elkarrekin izan ziren berriro… Shamarak eskerrak eman zizkien soldaduei, baita laguntza eskatu ere… Shamarak herrialde horretatik ihes egin nahi zuen, baita bere senarrarengandik ere… Soldaduak kostata herrialdetik atera zuten, eta egun herrialde batean dago, jakingo ez dugun herrialde batean, izkutatuta… baina bi semeekin. Pozik, lasai… ”

No hay comentarios: