Erle batek ziztatu izan balio; jaiki ote zitekeen hain azkar? Zer bururatu ote zitzaion, ba, hari bat- batean?... behin eta berriz amestu zuena izan zitekeen?... Ez, ametsak, ametsak dira… Bere eguneroko lana, esfortzuaren emaitzak, agian? Ezta, zirudienez emaitzarik gabeko esfortzuak ziren… Zer izan zitekeen orduan?
Berea ez zen bizitza erreza ezta harrigarria edo liluragarria ere… egunak, orduak, minutuak baita segundoak ere baziren sufrimenduz josiak, mundua amaitu nahiaren beharraren menpe… Sufrimendua, hitzaren esanahia ulertzearen beharra ikusi eta sentitu zuen behin eta berriz, amets gaizto hori noiz bukatuko zen galderaren erantzunak han eta hemen bilatzen… Bizitza monotonoa, aspergarria, ezer berririk jakin gabe… egunero bezala…
Kartzela ez zen lekurik aproposena filosofatzeko ezta lagun minak egiteko ere, leku gogorra zen. Iragana, orainarekin nahasten zen, baita etorkizunarekin, beharbada ere… behin eta berriz, galdetu zion bere buruari,
![](https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEjsb7qH3JgpNB4NqyujWyqI8TRxsQ9afs6WMl8E6yvJA_MqBItQRfbbFrQOtrVsFzqnmEz0lQROImqaRc81Zd5j5kg3-P_Zgx0Uv6wF7zZZMAdWnlhH1EKiP65_r0LB6HgxUXn6NlKOYTQ/s320/imagesCAASP0YW.jpg)
Duela 2 urtetik gaur egunera arte, itzartzen zen bakoitzean zeldaren hesiak ikusten zituen… 18 ziren eskumatik ezkerrera bere eremua mugatzen zutenak. Goizeko zortzietan gosaria, gero tailerrak eta arratsalde librea, pentsatzeko, irakurtzeko, ezer berririk ez egiteko… Hori baitzen 2007ko maiatzaren 23an egindako ordaina, bizitza guztian zehar ordaindu beharreko zorra, nahiz eta kartzelan egon ez, ariman geldituko zen zerbait… Bere buruaz epaiketak egiten zituen, gero eta gogorragoa baitzen berarekin, bere sufrimenduarekin…
Honekin bukatzea erabaki zuen. 2 urteetan zehar, maiatzeko egun eguzkitsu horretan gertatutakoaz oroitzen zen, baina ezin zuen, ezin zuen kartzelan jarraitu, bere barneko zerbaitek eskatzen zion aldaketa, bere bizitzaren bat-bateko aldaketa… 24 urte zituen, bere bizitza kartzelan apurtu zuela sentitzen zuen, eta bizitasunaren beharra gero eta nabariagoa sentitzen zuen… Berak zekien, egingo zuena, ez zela gauzarik harrigarriena ezta etorkizunean harro sentitzeko zerbait, baina egin behar zuen! Hainbat eta hainbat egunetan amestu zuena, egingo zuen, bai, zergatik ez? Kartzelatik ihes egingo zuen, baina ez ametsetan, hainbeste gauetan egin zuen bezala… gaurkoan benetan egingo zuen… !
Goizaldeko bostetan izarrak ikusi zituen, baita askatasunaren sentsazio zirraragarri hori ere, ahaztuta zuen sentsazioa, inoiz baino pozago zegoen… Haizea bere aurpegian jotzerakoan alai, pozik, askatuta sentitzen zen. Korrika egiten zegoen, pijama zuri batekin jantzita, kartzelan emandako pijamarekin, nortasun agiria barik, dirurik gabe, aldatzeko arroparik gabe… baina pozik, oso pozik! Hala ere, arazoak zituen, zer egin orain? Gauzak erabat aldatu ziren, baina ez guztiz, lehengo arazoak desagertu ziren, baina berriak suertatu zitzaizkion…
Ordu erdian korrikan aritu zen, norabiderik gabe. Goizaldeko bost eta erdiak ziren, eguzkia lainoetatik ikusten hazten zen. Herri batera heltzea lortu zuen, ezagutzen ez zuen herri txiki batera, 100 biztanle eskas-eskas zituena. Cornellan zegoen , Bartzelonatik hurbil, oso hurbil…
Herri txikietako bizimodua, ez zen hirietako bizimoduaren berdina, ezta antzerakoa beharbada ere ez. Herri txikia, baina oso polita zen Cornella, bisitatzeko modukoa. Antzinako arrastoak, gaur egungo eraikinekin nahasten ziren irudi topografiko ikusgarria egiten.
Okindegia zabalik zegoen. Okinak, ogia egiten zuen bitartean, Fernando sartzen ikusi zuen pijama zuri batekin. Fernando laguntza eska sartu zen , horretarako, orain arte gertatutakoa azaltzen saiatu zen, eta lortu zuen. Okina, pertsona ona zen, hirurogeita hamabost urte zituena. Berak ere zoritxarreko pasarteak izan zituen kartzelan, gerra zibilaren garaian. Erabat ulertzen zuen Fernandoren jarrera, eta bere laguntza eskaini zion.
Okinak, Fernando arropaz aldatu zuen,baita ilea moztu ere , itxuraz aldatzeko. Bere etxeko logela bat eskaini zion lo egiteko, eta janaria emango ziola zin egin zion.
![](https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEjo3LBg4KtnUoofQcsDihjT9vMayDNn-OQY7CUd3v2caL0rTE1Tq5LZ3-kmrlyhX-dZAaDDJ5mNUdcRNR3slUc1NfNCg2lmEpEqn1orkSKlUkgXki8RDlNlQ7auYCQNQFrqETaptqt9T1s/s320/imagesCA2WQ0GL.jpg)
Azken batean, okinak Fernandori eskaini zion laguntza, bere garaian berak eskatzen zuen laguntza baitzen… inork eman ez zion laguntza hori. Gerra garaiak ziren, ez zegoen ez janaririk, ezta dirurik ia bizitzeko. Urte gogorrak izan ziren Espainian.
Elkarrekin primeran moldatzen ziren, aita- seme erlazioa zirudien. Okinak bere garaian semeak izatea gustatu zitzaiokeen, baina alargun gelditu zen oso arin, bere emaztea gerra garaian hil zuten. Okinak ez zuen berriro maitasuna sentitu, bere emaztea baitzen beretzat emakumerik onena.
Fernando, kartzelan sartu baino arinago, ez zuen maitasuna ezagutu, ez baitzuen maitasunean sinesten. Tipo “gogorra” zen, edo behintzat hori esaten zuen, baina berak zekien gogortasun horrek arazoak ekarriko zizkiola, eta halaxe gertatu zen. 2007ko maiatzaren 23an arratsaldeko bostetan errepidetik kotxea gidatzen zuen bitartean emakume bat nahigabe harrapatu zuen. Ez zen emakumeaz kezkatu, beldurrak eraginda, eta bere bidea jarraitu zuen, nahigabeko hilketa bat egin ondoren. Bere bizitza hogeita hamar segundo horietan guztiz aldatu zen.
Okinaren osasuna ez zen osasunik aproposena, koloneko kantzerra sufritzen zuen, baina ez zion Fernandori ezer esan. Azkeneko hilabeteak Fernandoren alboan, hilabete oso onak izan zirelako, momentu harrigarriak, errepikatzeko modukoak. Baina hori zoritxarrez ezinezkoa bihurtu zitzaion okinari… azaroaren 5ean bere begiak azkenengoz itxi zituen, Fernandoren eskua gogorren estutzen zuenean…
Fernandorentzat kolpe gogorra izan zen hura, bizitzak eman zion kolpe gogorrenetarikoa. Okina maite zuen, aita bat izan zen beretzat, inoiz izan ez zuen aita.
Asko kostatu zitzaion Fernandori burua altxatzea eta irribarre egitea, nahiz eta irribarre hori, irribarre txikia izan. Okindegiko lanarekin jarraitzea erabaki zuen, hainbat urteetan zehar okinak lortu zuena ez zuen botako,okinaren omenez, okindegian lan egingo zuen, bere lagunari zor zion, emandako laguntzaren mesedetan.
Fernando egunero bezala, goizaldeko bostetan altxatzen zen, ogia egiteko eta saltzeko. Nahiz eta bizitza monotonoa izan, pozik sentitzen zen. Iraganeko sufrimendua erabat ahaztuta zuen, baina ez guztiz, ariman zerbait gelditzen zen, bere bizitzan zehar ahaztezina izango zen zerbait, emakume inozente haren hilketa…
Fernando jada, Cornellako bizimodura ohituta zegoen, baita okindegiko lanari ere. Ogia egiteko lehengaiak agortzen zizkionean Bartzelonara joaten zen, Ramblas-eko etorbidean zegoen denda batera erostera.
![](https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEigD_HEzNd-pARH1bUzxSObsF8Ai8W3NWI8Hka_wkEeosZXeLp4zYDxvBBGylITCt0Z-UxrHYOQVVgz98rWcTtEPVaBw5WHKcoYDm1CCnGDSNHLmOvG-cvssEdyCKJ_z7wkIHuuJLa2a7Y/s320/imagesCAWHZIKU.jpg)
Bartzelonatik paseoan zebilen maiatzeko egun eguzkitsu batean, bizitzak Fernandori eman ahal zion kolperik gogorrena eman zion. Audi A-4 gris batek Güell parkean oinez zihoala harrapatu zuen, arratsaldeko bostak ziren…
Fernandoren sufrimendua bukatu egin zen, baita bizitasuna eta azken boladan zuen alaitasuna ere. Bizitza gogorra zela bazekien, eta hobeto aprobetxatu izana beharrezkoa suertatu zitzaion. Orain dena bukatuta zegoen, bere bihotza gelditu egin zen, berriro ere martxan ez jartzeko. Fernando hil egin zen, eta berarekin bere arazoak, bere sufrimenduak eta baita bere bizitasuna eta ilusioa ere, hori baitzen bere norakoa…
Orain ez zuen poliziarengandik ihes egin behar, ezta kartzelan berriro sartzearen beldur horrekin ere ez. Kartzela ez zen, beste gauza batek harrapatu zuen: heriotzak… Horrek ez zuen irtenbiderik, horrek bukaera adierazten zuen, bere bukaera…